Berriztagarrira pasatzen naiz

Partikularra zara eta zure etxebizitza energia berriztagarrira pasa nahi duzu? Hara aholku praktiko batzuk!

Eguneratzea:2024ko azaroaren 11a

Zergatik ene etxea energia berriztagarrietara pasa?

  • Klima beroketaren aurkako borrokan eta ingurumenaren zaintzan parte hartzen duzu. Izan ere, “berriztagarriak” deritzoten energien erabilpenak negutegi efektuko gasen ekoiztea mugatzen du.
  • Eguzki panelen auto-kontsumoarekin, zuhaurk ekoizten duzun energia urririkako eta bukaezinaz baliatuz, dirua aurrezten duzu.

Zein dira plantan eman beharreko ekintzak eta laguntza nola eskuratu? 

Jatorri berriztagarriko energia (argindarra eta/edo gasa) hornidura kontratua izenpetu.

Banaketa sarean den argindarra bera da estatu mailako biztanle guzientzat. Haatik energia iturri desberdinetatik dator: berriztagarriak (haizea, eguzkia, hidraulikoa, etab.) eta nuklear edo termikoak (ikatza, fuel-olioa, gasa). Energia berriztagarrien  edo argindar berdearen kontratua izenpetuz, iturri berriztagarriko energia ekoizpenaren garapenean parte hartzen duzu. Ordainez, hautu horrek merkatuko eragileak ekoizpen molde ekologikoak hautatzera bultzatzen ditu.

Trantsizio energetikoaren alde engaiatuak diren egitura batzuek (batzuek ADEMEn aitortza dute) energia berriztagarriko hornidura kontratuak proposatzen dituzte: Enercoop, Alterna, Octopus Energy France, Ilek, Happ-e by Engie.

Tokiko mailan, Enargia energia berriztagarria proposatzen duen hornitzaile kooperatiboa da.

Eguzki panelak ezarri 

Eguzki panelak ezarri aitzineko lehen urratsa proiektuaren egingarritasunari buruzko informazioa biltzea da. Bada horretarako tresna bat: Ipar Euskal Herriko eguzki katastroa. Zure teilatuan eguzki panela finkatzearen interesgarritasunaren eta errentagarritasunaren lehen ideia bat ukatea ahalbidetzen du (eskuragarri den azalera, ekoizturiko Mwh., kostua eta inbertsioaren ekarria, etab.). 

Panelen ezartzeko, zuzenean instalatzaile batekin harremanetan sar zaitezke Qualit'ENR, Qualibat edo Qualifelec webguneak kontsultatuz. Ziurtagiri-emaile organismo horiek estatu guziko eguzki panelen instalatzaileak (fotovoltaiko eta termiko) ebaluatzen eta onesten dituzte.

Auto-kontsumoa (norberaren argindarraren kontsumoa) ahalbidetzen duten muntadurak inbertsio prima baterako hautagai dira. Muntaduraren ahalmenaren arabera apalduz doa eta aldakorra da. Baliabide horri eta panel fotovoltaikoak ezartzeko beste laguntza batzuei buruzko informazio gehiago Ekonomia ministerioko webgunean atzemanen duzu.

Egurrarekin berotu 

Egurra behar anitzi erantzuten ahal dien baliabidea da: berogailu osagarria, berokuntza zentrala, indibiduala edo kolektiboa, edota etxeko ur beroaren ekoizpena. Abantailetako bat haren hornidura tokikoa izan daitekeela da. Halere, molde eraginkorrean eta isurtze kutsakorrak mugatuz (partikula finak) berotu ahal izateko agindu batzuk errespetatzekoak dira 

Izan ere, gaur egun, egur berokuntza partikula finen isurketaren %40 baino gehiagoren erantzule da. Baina muntadurak ongi hautatuz (supazter kasetea edo supazter hetsiak, egur edo pellet berogailua, galdara eskuzkoa edo automatikoa) isurtze horiek mugatuak dira. 

Zolaren energiari esker berotu edo freskatu (geotermia).

Bero ponpa geotermiko batek berokuntza eta klimatizaziorako abantaila anitz agertzen ditu. Zolaren berotasun etengabea erabiltzen du, hori biziki eraginkor eginez du eta energia kostuak anitz apaltzea ahalbidetuz. Gainera ekologikoa da, energia berriztagarria erabiltzen eta CO2 isurketa guti sortzen baitu. Haren funtzionamendu isilari eta iraunkortasunari esker urte osoan tenperatura atsegina atxikitzeko aterabide fidagarri eta erosoa da. 

Etxeko ur beroa eguzki panel termikoei esker ekoitzi

Etxeko ur beroa panel termikoen bidez ekoizteak abantaila anitz agertzen du. Metodo horrek berriztagarria eta urririkakoa den eguzki energia erabiltzen du, eta horrek energia kostuak apaltzea eta erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea ahalbidetzen du. Ekologikoa da, CO2 isurketen apaltzean eta klima aldaketaren borrokan parte hartzen duena.

Laguntza behar dut

Zure proiektuarentzako laguntzaz baliatu nahi duzu? Bizilekuaren eta Energiaren etxeak argibideak eman eta zure urratsen jarraipena egiten du: kostua, gomendio teknikoak, artisauak, laguntzak, etab.