Ekologia trantsizioa zalutzea

Eguneratzea:2024ko azaroaren 20a

Altxatu beharreko erronkak

  • Ipar Euskal Herriaren energia kontsumoak erdira apaltzea 2050erako, soiltasun jokamoldeen bidez eta ekonomia zirkularra garatuz;
  • Lurraldeko jardueren berotegi efektuko gasen guztizko isurketak % 56 gutxitzea 2050erako, eraikinen energia berriztapena lasterrago eginez eta garraioak karbonogabetzen;
  • Energia beharren % 100 energia berriztagarriak ekoitziz betetzea 2050erako, tokiko baliabideak baliatuz (hidroargindarra, egur adarra, eguzkia, geotermia, uhinen energia, etab.);
  • Lurraldea klima aldaketaren eraginetara egokitzea (itsas hegiaren higadura, itsasoak gaina hartzea, uholdeak, ur baliabidearen eskastea, bioaniztasun galera, laborantzaren gaineko eraginak, paisaien gainekoak, etab.) ondasunak eta pertsonak babesteko.

Jadanik abian direnak

  • Energia gutxiago kontsumitzen duen garapen eredu bat sustatu eta energia fosilekin dugun mendekotasuna gutxitzeko, Euskal Elkargoak soiltasuna, eraginkortasuna eta energia garbien garapena hirukotea du gogoan. Lurraldearen beharrak sakonki aztertu eta,  2021an, Lurralde Klima, Aire, Energia Plana (LKAEP-PCAET) bozkatu zuen, zeinean, klimari buruzko Pariseko Hitzarmenari jarraikiz, gure berotegi efektuko gasen isurketak 2050erako erdira apaltzeko xedea duten berrogeita hamar bat eragiketa jarduera baitira;
  • Energia Trantsiziorako eta Ekologia Plangintzarako Idazkaritza Nagusia sortu du (nazio mailan lehen hirigune elkargoa da hori egiten), Klima Planaren jarduerak gauzatzeko eta denboran zehar jarraitzeko zereginarekin;
  • Garraioen sektoreari dagokionean (lurraldeko isurketen % 32), Euskal Elkargoak asmo handiko politika darama euskal garraio publikoen sarea eta eskaintza modernizatuz, gure lekualdaketen erdia autoa ez bestelako bidez egin dadin. Lurraldeko eragileak laguntzen ditu ere, bereziki salgaien garraioaren sektorekoak, beren jarduna karbonogabe dezaten;
  • Bizitegiei dagokienean, gure beroketa beharrak lurraldearen isurketen % 38 dira. Horien energia kontsumoa apaltzeko, Euskal Elkargoak bizitegia berritzera eta energia berriztagarriak erabiltzera bultzatzen ditu. Bizitegiaren eta Energiaren Etxea ireki da Baionan, eta lurraldean jende harrerak egiten ditu, bereziki Donapaleun, jende arruntak bide horretan laguntzeko.
  • Euskal Elkargoak berriztagarrien garapena sostengatzen du ere,garatzeko aukera handia duten tokiko energiak bultzatzen, hala nola hidroargindarra, eguzki energia, geotermia, egur adarra (Egur Plana eta basoen gutuna egin bidean dira), bai eta uhin energia ere, Biarritzen uhin energiako ekoizleku baten proiektu handi batekin, Akitania Berriko Eskualdearen eskutik, lurraldearen argindar beharren % 30 betetzeko xedez;
  • Lurraldeko herriak eta ekonomia eragileak laguntzen ditu Lurraldeko Bero Berriztagarriaren Kontratuaren (LBBK-CCRT) bidez eta ELENA europar programaren bidez, ia bi milioi euroko inbestimenduarekin. Euskal Herri AntolakuntzaTokiko Sozietate Publikoa (TSP-SPL) herriak beraien lanetan laguntzeko sortu da. Euskal Elkargoak argindar eta gas erosketa elkarketa bat antolatu du beste 55 erakunde publikorekin batera, energia kostuen apaltzeko xedez;
  • Euskal Elkargoak herritar ekintzak sostengatzen ditu ere Ekologia eta Energia Trantsiziorako Sostengu Funtsaren bidez (41 proiektu sostengatu ditu 2022az geroztik), bai eta energia berriztagarrien garapenean engaiaturiko parte hartze bidezko enpresak (Sugarai, I-ENER, Izpindar, Ekindar) finantzatzen ere;
  • Bere jokamolde bereei dagokienean, Euskal Elkargoak, 2021ean, Euskal Eguzki Plan handia bozkatu zuen, bere eraikinetan energia fotovoltaikoa garatzeko (4300 m2 gainazal kokaturik eta ia 870 m2 egin beharreko lanei loturik egin bidean). CEREMA delakoarekin aritzeko hautatua izan da ere, beste 25 kolektibitaterekin batera, «Territoire adapté à + de 4 degrés» (lau gradu baino gehiagotara egokitu lurraldea) deitu programaren barnean, bere ekintzak gidatzen laguntzeko, eta ADEME agentziaren sostengua du bere ibilgailu multzoa karbonogabetzeko. Finantzamenduei dagokienean, ingurumen atala sartzen ari da, pixkanaka, ematen dituen laguntzetan. Erosketa arduratsuen eskema baterabaki du ere, eskari publikoaren politikan jokamolde bertutetsuagoak plantan emateko;
  • Ekonomia zirkularraren gaineko bide orria prestatzen ari da ere eta bide beretik doa hondakinen kudeaketari dagokionean, lurraldeko eragileak hondakinen kopurua gutxitzera eta berrerabilpena lehenestera bultzatuz;
  • Naturaguneen zaintzari dagokionean (oihanak, soroak, hezeguneak), karbonoaren metatzen laguntzen dutelarik, Euskal Elkargoak hainbat jarduera estrategiko darama: bioaniztasun estrategia bat zehazte bidean, bilbe berde eta urdina egitea, bai eta bilbe beltza ere, habitaten arteko jarraikitasuna bermatzeko; oihan zaharren inbentarioa, hezeguneena, etab;
  • Azkenik, klima aldaketaren eraginetara egokitu beharrari dagokionean, lurraldea prestatzen ari da. Uholdeei dagokienean, Euskal Elkargoak honako hiru isurtze arro hauen kudeaketa orokorra egiten du: Errobi, Euskal Kostaldekoak eta Biduze. Bere lurraldetik haratago doazen isurtze arroei dagokienean, horien gaineko eskumena sindikatu mistoen esku utzi du. Hiru sektore horietan, Estatuarekin batera Uholdeen Prebentziorako Ekintza Programak (UPEP-PAPI) daramatza, jokoan diren zonak babestu eta arriskupean diren jabeak laguntzeko ekintza planak zehazteko. Euskal Elkargoak uholdeetatik babesteko obren kudeaketa darama ere, hala nola, Senpereko Lurberriko urtegia, eta 118 herriri eman die jadanik laguntza Herriaren babes Plana (HBP-PCS) egiteko;
  • Itsas hegiaren higadurari eta itsasoak gaina hartzeari dagokienean, Kostaldeko Arriskuen Kudeatzeko Tokiko Estrategia prestatu eta gidatzen du horren pean diren herriekin, arazoak dituzten zonen babesteko eta krisi kudeaketa eraginkorra bermatzeko. Jabe pribatuei egin beharreko urraspideetaz informazioa ematen die eta laguntza eman diezaieke ere. Asmo handiko berrantolaketa proiektuak gidatzen ditu ere, hala nola diren Donibane Lohizuneren iparraldekoa eta Bidarte-Getarikoa eta itsasoak gaina hartzetik babesteko obrak kudeatzen ditu;
  • Idorteei buru egiteko, Euskal Elkargoak Idorte Plana prestatu du, krisi egoerei aitzina hartzeko eta orori kalitatezko edateko ura eskura emateko. Biztanleek, laborariek ete industriariek badituzte soiltasun handiagorako bidean joateko laguntza bereziak;
  • Baina Euskal Elkargoak ez ditu erronka horiek berak bakarrik altxatzen lortuko! Horregatik eman du abian, 2024ko Klima Astearen karietara, urraspide kolektibo handi bat lurraldeko eragile guztiak (herriak, enpresak, elkarteak) berarekin batera engaia daitezen. Lurraldeko ia 200 eragilek erantzun diote jadanik gogo betez dei horri. Bere langileak ere formatzen ditu ohartarazte atelierren bidez: «Klimaren Freskoa eta «2 Tonen Atelierra».

Oraindik egiteko ditugunak

Klima Planaren neurrien % 96 abiatu ditugu jadanik eta pixkanaka ikusten da haien eragina

Hona hemen oraindik egiteko ditugun batzuk:

  • Datu eta Ingurumenaren estrategia gauzatzea;
  • 2025eko hastapenean, Higiezinen Energia Eskema Zuzentzailea abian ematea herriei duten ondarearen 360°ko ikusmira izaten laguntzeko eta beren lanen programak erabakitzeko laguntza tresna bat ukan dezaten;
  • Uholdeen Prebentziorako Ekintza Programak (UPEP-PAPI) guzatzea Errobi, Euskal Kostaldekoak eta Biduzeko hiru arroetan;
  • Kosta lerroaren proiekzioak sartzea (2050 eta 2120)  hirigintza dokumentuetan, eta Euskal Kostalde osoan kosta lerroaren bilakaeraren jarraipena egitea;
  • Berrantolaketa proiektu handiak gauzatzea Donibane Lohizuneren iparraldeko itsas hegian eta Bidarte-Getarikoan,  itsas hegiko arriskuei eta kosta lerroaren gibelatzeari buru egiteko;
  • Hezeguneen zaintza estrategia gauzatzea.

Zu ere engaia zaitez!

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com