Ibilaldiak Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian ibilaldi baten egiteko ideia baten bila zabiltza? Hona hemen Ipar Euskal Herriko kudeatzaile publikoek zaintzen eta seinalatzen dituzten ibilbide ofizialak eta errespetatu beharreko arauak.
Eguneratzea:2024ko azaroaren 26a
Ibilbideak Ipar Euskal Herrian
Ibilbideen Lekuko Plana
Ibilbideen Lekuko Plana, Euskal Hirigune Elkargoak egokitzen eta zaintzen dituen 93 oinezko ibilbide eta mendiko bizikleta ibilbide sare bat da. Gehienez egun bateko joan-etorriak dira. Seinaleztapen horiari esker aurkitu daitezke.
Ibilbideen Lekuko Planaren bidexkei esker, mendien eta muinoen arteko paisaia-aniztasun handiaz goza daiteke, Ipar Euskal Herrian oraindik oso presente dauden laborantza- eta mendi-jarduerei esker zaindutako naturguneetan.
Lurraldean zehar 4 gunetan banatuak dira:
- Lapurdi mendebaldea (Urruñatik Itsasura)
- Lapurdi ekialdea (Bidaxunealdea eta Hazparnealdea, Aturrialdean);
- Nafarroa Beherea;
- Zuberoa.
Ibilbide horiek guztiak Ipar Euskal Herriko turismo-bulego guztietan salgai dauden mendi-ibilbide gidaliburuetan aurki ditzakezu. Edo Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoaren webgunean deskarga ditzakezu ere.
Oharra: Abian den azterlan batek sare hori osatuko du 2025ean.
GR® ibilbideak / Mendiko ibilbide luzeak
GR®-ak (“Grande Randonnée” ibilbideak) hainbat departamendu zeharkatzen dituzten ibilbideak dira, eta distantzia luzeetara oinez bidaiatzeko aukera ematen dute. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak egokitzen eta zaintzen ditu. Seinaleztapen gorri eta zuriari esker aurki daitezke.
6 GR® ibilbide luzeko ibilbidek Ipar Euskal Herria zeharkatzen dute:
- GR® 10a: Pirinioen zeharkaldia - Hendaiatik Santa Graziraino : Hasieran, Hendaia, Ozeano Atlantikoaren ertzean, gero lehen tontorra, Larrun eta Sara, Ainhoa, Bidarrai euskal herriak. Irulegiko mahastia bistan, Baigorri zeharkatzen Donibane Garazira iritsi baino lehen;
- Itsasertzeko GR® 8a, Hendaiatik Angelura. Ipar Euskal kostaldearen bi muturretan, Donibane Lohizune, Biarritz eta Angeluko itsas pasealekua zeharkatzen ditu;
- GR® 65a, Puy-ko bidea - Done Jakue bidea. Arüe eta Izura arteko zatia UNESCOren Munduko Ondare gisa sailkatua da. Bide hau Donibane Garazira heltzen da, Orreagako igoera mitikoa aitzin. Bidean: Xibaltarko hilarria, Olhaibi eta Haranbeltzeko kaperak, Jondoni Jakobe atea Donibane Garazin, UNESCOren munduko ondare gisa ere sailkatua dena;
- GR® 78a, Pirinioaurreko bidea - Pirinioetako mendi-oinean Mauletik, Urdiñarbetik eta Gameako lepotik barna doan Done Jakue bidea. Bidean: Ospitalepeako eliza erromanikoa, Mauleko gaztelua.
- GR® 654a – Vézelay-ko bidea - Ozaraindik Ipar Euskal Herria zeharkatzen duen eta Donapaleura iristen den Done Jakue bidea. Vezelay-ko, Puy-ko eta Tours-eko bideak Xibaltarko hilarrian elkartzen dira, Donapaleuko jalgibidean, Soihartzeko kaperarako bidean.
- GR® 655a – Tours-eko bidea - Euskal Herri iparraldetik datorren Done Jakue bidea. Vézelay-ko, Puy-ko eta Tours-eko bideen elkargunea Xibaltarko hilarrian, Burgue-Erreitiko kapera eta zubia, Erdi Aroko Garrüze herria.
Nature64 webgunean aurki ditzakezu GR®-ei buruzko informazio eta ibilbide guztiak.
Mendiko edozein jardueratarako praktika egokiak
Jendea bizi dira mendian eta baserrialdean, eta bertan lan egiten du! Erabiltzaile guztien arteko bizikidetza ona ahalbidetzeko, honako praktika egoki hauek errespetatzera gonbidatzen zaituztegu.
Abiatu aitzin, presta zaitez
- Ez abiatu beharrezko materiala gabe (mapa, ura, jantzi egokiak...);
- Ahalaz, ez joan bakarrik edo norbait abisatu (senide bat, Herriko etxea);
- Ez edan erreketako ura eta ez bainatu bertan;
- Eguraldi iragarpenei beha ezazu
- Informa zaitez suei buruz edo ehiza-garaiei buruz.
Behar bezala aparkatu eta zirkulatu
- Baimendutako bideetan ibil zaitez. Zalantzarik baduzu, ez sartu!
- Murriztu ezazu abiadura artalde batekin topo egiten baduzu;
- Prestatutako lekuetan eta aparkalekuetan aparka zaitez.
Natura zaindu
- Eramazu poltsa bat zure hondakinak eta komuneko papera biltzeko;
- Begiratu animaliei urrundik, isilik;
- Ez bildu basa-lorerik, baiarik eta onddorik baimenik gabe;
- Errespetatu seinaleak eta egon markatutako xendretan;
- Ez piztu surik eta ez bota zigarreta muturrik.
Errespetatu gainerako erabiltzaileak eta laborantza-jarduerak
- Hesiak itxi;
- Ez eraman txakurrarekin mendira zoazenean; bestela, eutsi uhalarekin;
- Ez saiatu animaliak ukitzen edo elikatzen;
- Errespetatu ibilbideen bazterretan diren etxeak.
Lekukotasuna
Azkainen laborari eta artzain transhumantea den Patxi Etchart, mendian bizi da egunero. Bideoan azaltzen digu zergatik arau batzuk errespetatu behar diren erabiltzaile guztien arteko bizikidetza ona bermatzeko.
Ba al zenekien?
Mendiko bitartekariak egoten dira jende ainitz ibiltzen den lekuetan (Ibardin, Artzamendi, Iparla), erabiltzaileak mendiko praktika egokien inguruan sentsibilizatzeko eta hartu beharreko neurriak gogorarazteko. Halaber, gune horietan zenbat jende ibiltzen den zenbatzen dute ere.
Mendiko erreketak
Neguan, abeltzainek baimendutako erreketak antolatzen dituzte mendietan, abereen larreak mantentzeko. Praktika hori baimendua, arautua eta antolatua da. Egunerako aurreikusitako erreketen zerrenda jaimelagriculture64 gunean aurkitu daiteke. Obren sarreran seinaleak ezartzen dira ere. Sute batetik hurbil aurkitzen bazira, zure segurtasunagatik gomendatzen da gibelera itzultzea eta beste ibilbide bat hartzea.
Ibilbide batean izandako arazo baten berri ematea
Euskal Hirigune Elkargoak ibilbide-sarea urtero zaintzen du, baina aro txarraren eta landaretzaren hedatzearen ondorioz, baliteke seinaleak ez hain ongi agertzea eta bidexkak ez hain erabilgarriak izatea.
Zoaz SURICATE gunera arazo baten berri emateko. Emazu arazoaren kokapena eta deskriba ezazu ahal bezain zehazki (seinale gordeak, seinale andeatuak, zuhaitz bat bidexka batean trebeska...). Argazkiak ere bidal ditzakezu.
Ohiko galderak
Nola aurkitu Ipar Euskal Herriko oinezko ibilaldiak?
Lapurdi mendebaldeko, Lapurdi ekialdeko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendi-ibilaldien 4 gidaliburuen bilduma eros dezakezu turismo-bulegoetan. GPX ibilbideak eta ibilaldien fitxak ere deskarga ditzakezu Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoaren webgunean.
Ba al dira euskal mendia ezagutzeko gidari profesionalak?
Bai, erdi-mailako mendi gidariek zurekin partekatzen dute Euskal Herriaz duten ezagutza eta naturarekiko duten pasioa. Urte osoan zehar, udan bezala neguan ere, erraketekin, oinez edo mendiko bizikletan, haiek gidatuko zaituzte bidezidor seguruetatik, batzuetan beraiek bakarrik ezagutzen dituztenak. Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoaren webgunean aurki dezakezu ibilbide gidatuen zerrenda.
Txakurra eraman dezaket mendira?
Bai, laborantza eta artzaintza eremuetan uhalatik atxikitzen bada. Tokian berean, informazio-panelek eremu horiek identifikatzeko aukera ematen dute, eta abererik baden adierazten dute. Funtsekoa da abereei kasu egitea. Izan ere, txakur solteek abereei eragindako estresak artaldearen ekoizpena gutitzea eta abeltzainen jarduera ekonomikoa kaltetzea ekar dezake.
Laguntza behar dut
Ipar Euskal Herriko ibilbideei buruzko edozein galdera egiteko, “Turismoa – ibilaldiak eta izadia” misio-kargudunarekin harremanetan jar zaitezke +33 7 62 60 61 09 telefonora deituz edo helbide elektroniko honetara idatziz: e.dissard@communaute-paysbasque.fr
Zerbait ments zaizu?