Ene enpresa sortzen dut

Zure enpresa sortu nahi zenuke Ipar Euskal Herrian? Hemen dituzu aholku eta harreman baliagarri batzuk zure ideia proiektu bihur dezazun.

Eguneratzea:2024ko azaroaren 20a

Abiatu aitzin

Enpresa sortze urraspidea iteratiboa da. Zure ikerketek eta gogoetek honako hauetara eramanen zaituzte pixkanaka:

  • Aukerak hautematera;
  • Hipotesiak balidatzera ala ez;
  • «zure bezeroak izanen direnen beharretara hobe lotzeko» egokitzera;
  • zure proiektuaren asmoa aldatzera
  • etab.

Gibel egiteak saihetsezinak dira egin beharreko aldaketak eta doiketak egiteko. Halatan, Euskal Herrian zure enpresa sortzen laguntzeko, hemen duzu arrakasta ukanen baduzu segitu beharreko gako-etapen eta aholku baliagarrien zerrenda bat.

1. etapa: Zure ideia zehaztu eta baliozta ezazu

Ideia batek, maiz, intuizio baten edo nahi sinple baten forma hartzen du eta sakontzen eta umotzen joaten da denborarekin. Zenbat eta ideia berri edo originalagoa izan, hainbat aztertu beharko duzu bezero izanen direnek onar ote dezaketen. Zenbat eta arruntagoa den, hainbat beharko duzu segurtatu jadanik baden eskaintzarekin konparatuz gero baliorik ote duen egiazki.

Zure ideia idatziz zehatz-mehatz zehazt ezazu. Berrikuntzarik badu, segurta ezazu froga dezakezula zeu zarela horren sortzailea. Adibidez, Soleau gutunazal bat aurkez ezazu Inpi erakundean; hori eginez, sortu izanaren froga bat ukanen zenuke eta data ziurra emanen zenioke zure ideia edo proiektuari.

Segurta ezazu koherentzian direla zure nortasuna, zure nahiak, zure helburuak, zure antzea, zure baliabide eta traba pertsonalak eta zure proiektuaren eskakizunak. Bateraezintasunak agertuz gero, aterabideak bilatu beharko dituzu: formakuntza bat egitea, partzuerrak xerkatzea, gaitasun elkarren osagarriak dituen lantaldea osatzea, zure proiektua egokitzea, etab.

2. etapa: Bezeroak ukanen dituzula segurta ezazu

Funtsezko elementua duzu hor! Bezerorik gabe ezin da enpresarik egin! «Super ideia» bat proiektu txara bihur liteke, bezerorik ez badu. Aldiz, «ideia arrunt» bat, baldintza onetan, irabazi handiak ekar litzake.

Merkatu azterketa egitearen helburuak:

  • zehatz-mehatz zehaztea zein bezero ukanen dituzun eta zer espero duten;
  • lehiakideen aitzinean kokatzea;
  • zure produktu edo zerbitzua bildu dituzun elementuen arabera egokitzea.

Bestalde, elementu horien azterketak honako hauetarako aukera emanen dizu:

  • bezero ukanen dituzunentzat onartuko onargarri izanen den prezio maila zehaztea;
  • zure estrategia zehaztu eta bezeroak erakartzeko lehen merkataritza eta komunikazio jarduerak zenbatzea;
  • aurreikusiriko lehen negozio kopuru bar ezartzea.

3. etapa: Zure proiektua kopurutan eman ezazu

Etapa honetan honako hiru funtsezko galdera hauei erantzun behar zaie:

  • Zure enpresa, errentagarri izanen ote da eta noiz?
  • Zein kapital behar duzu proiektua baldintza onetan abian eman eta garatuko dela bermatzeko?
  • Zure enpresak urte osoan zehar ukanen dituen diru sarrerak (produktuen salmenta edota zerbitzuak) aski izanen ote dira aldi bereko gastuak (karga arrunten ordainketa, hornitzaileenak, etab.) beti estaltzeko? Hau da, nola aitzina hartu eskugaineko diruaren arazoei eta emaitza positiboa lortzeko egin beharreko negozio kopuruaren baldintzak zehaztu? Zure jardute sektorean dauden hornitzaileen eta bezeroen batezbesteko ordaintze epeak legeak ezartzen ditu eta kontuan hartu beharreko elementuak dituzu horiek.

Horrek eramanen zaitu proiektu koherente eta bideragarria eraiki eta bussines plan deitu dosierrean aurkeztera. Aukera bakoitzak finantza aukera bat ekarriko du eta finantza oreketan eraginen du. Desoreka handiegia bada, zure proiektua birpentsatu beharko da eta finantza egitura horren arabera egokitu.

Aholkuak: Ez gutxietsi zure finantza beharrak! Ausart zaitez “handi” ikustera: zure proiektuak zuk uste baino aukera handiagoa ukan lezake, agian! Ez bakarrik ari eta Euskal Hirigune Elkargoarengana edota haren partzuerrengana jo ezazu, zure proiektua eraikitzen lagun diezazuten. Kontu aditu baten aholkuak eta business-plan denaren balidazioa xerka itzazu ere.

4. etapa: Finantzamenduak xerka itzazu

Enpresa sortze proiektu baten finantzamendu ona arrakastaren baldintzetako bat da. Zehaztu dituzun beharrak osoki diruztatzeko adina kapital behar duzu atzeman.

Behar horiek zehaztu eta erraz erabil ditzakezun baliabideak balioztatu ondoren, ments zaizkizun kapitaletarako finantzamendu bat edo batzuk behar dituzu zehaztu eta eskatu: zero intereseko eta berme gabeko ohore mailegua, parte hartze bidezko finantzamendua, mikrokreditua, banku maileguak, enpresaren sozietate kapitalean inbestituko duten inbestitzaileak xerkatzea, etab.
Etapa horretan, oso baliagarri gerta liteke enpresa sortzaileentzat dauden finantzamendu tresnak eta enpresen sortzeko laguntzak zehazki ezagutzen dituen erakunde baten laguntza. 

Laguntze eta finantzatze sareak badituzu euskal lurralde osoan eskuragarri.

5. etapa: Estatutu juridiko bat hauta ezazu

Estatutu juridikoa zure jardueran ukanen duzun lege esparrua duzu. Hainbat aukera duzu eta zure enpresaren estatutua hautatzerakoan hainbat irizpide behar duzu kontuan hartu.

Bakarrik ari bazara, hautatu beharko duzu bakarkako enpresaren -hau da, zure izen zeurean- (mikroenpresa edo bakarkako enpresa “klasikoa”) ala sozietatearen (EURL, SASU) artean. Hainbat enpresa sortzaile bazarete batera, baduzue sozietate mota zenbait aukeran: SAS, SARL etab.

Nolanahi ere den, ez etapa hori gutxietsi eta zure egitura zuzenbidearen profesional baten laguntzaz hauta ezazu, abokatu edo besterik; sozietate kontratua idazteko aholkuak eman diezazkizuke ere (kapital ekarpena, zerga mota, etab.). Zure hautuak zugan eraginen du, hala ondareari dagokionean nola gizarte edota zerga alorretan. Enpresaren etorkizunarengan ere eragin lezake. 

Ez du komeni aitzinetik finkaturiko ideia batetik abiatzea; hobe da dauden estatutu guztiak kontuan hartu eta zure proiekturako eta zure egoera pertsonalerako bakoitzak dituen abantailak eta eragozpenak aztertzea.

6. etapa: Zure enpresa sor ezazu

Zure enpresak izate juridikoa ukan dezan, matrikulatze dosierra eman beharko duzu Leihatil bakarrean. Enpresa baten sortzeko egin beharrekoak desmaterializaturik dira eta plataforma horretan zenbait klik eginez egin litezke zuzenean.

Zure enpresaren identifikatzeko zenbaki bat jasoko duzu berehala: zure Siren zenbakia. SIRET zenbaki bat ere emanen dizu Insee erakundeak zure enpresaren etxe bakoitzerako. 

Zure enpresa sortua da horrela eta enpresari berriaren bizitza berriari ekin diezaiokezu.

Eta enpresa sortzeko asmorik ez baduzu, jadanik baden enpresa bat hartzeko aukera duzu. Bada enpresa anitz salgai: 700 000 inguru enpresaburuk utziko dute nork bere enpresa heldu diren 10 urteotan.

Laguntza behar dut

Euskal Herrian zure enpresa sortu nahi eta zure urraspideetan orienta zaitzaten nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Euskal Elkargoaren Ekonomia Garapenaren Zuzendaritzarekin: deveco@communaute-paysbasque.fr

Formulaire de satisfaction

Informazio horiek baliagarri gertatu ote zaizkizu?

Zerbait ments zaizu?

Nola hobe dezakegu orrialde honen edukia?

E-helbidea honela behar da idatzi: mail@example.com