Gizarte eta elkartasunezko asmodun enpresa garatzen dut
Zure enpresa gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren baloreetara lot liteke. Estatus horrek abantailak ditu, batez ere enpresa sortzean ukan ditzakezun laguntzen aldetik. Horren ordainez, engaiamendu zenbait behar duzu hartu eta bete. Guztia xeheki azalduko dizugu.
Eguneratzea:2024ko azaroaren 20a
Zer da gizarte eta elkartasunezko ekonomia?
Gizarte eta elkartasunezko ekonomia (GEE-ESS) ontasunen partekatzeaz, lurraldeen garapenaz, sortzen diren lanpostuen kalitateaz, herritarrek proiektuetan duten inplikazioaz eta enpresek gizartean duten erantzukizunaz bereziki arduratzen den bestelako ekoizte molde egokitzat da onartua. Gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren eragileen baloreak gizarte onura eta elkartasuna dira.
Gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren egiturek hainbat izaera juridiko ukan dezakete:
- kooperatiba;
- mutualitatea edo mutualitateen kodepeko batasuna, asurantza kodepeko elkarren asurantzako sozietatea;
- fundazioa;
- 1901 legepeko elkartea;
- zenbait merkataritza sozietate, beren estatutuen arabera 2014ko uztailaren 31ko legeak ezarri baldintzak betetzen dituztenak eta gizarte eta elkartasunezko ekonomia direla Merkataritza Auzitegiak onartu diena.
Gizarte eta elkartasunezko ekonomiako enpresek hainbat baldintza bete behar dute:
- Irabaziak partekatzea ez beste xedea, gizakia kezka nagusia izan behar da gizarte eta elkartasunezko ekonomian (tokiko garapenean parte hartzea, gizarteratzen laguntzea eta bazterketaren aurka borrokatzea);
- Gobernantza demokratikoa;
- Gizarte onura xerkatzea. Taldearen gizarte xedea osatzen du.
- Jardunaren emaitzen kudeaketa:
- Irabaziak jardunaren atxikitze edo garatze helburura dira nagusiki emanak
- Erreserbak ezin dira partekatu: baitezpadako erreserbak ezin dira banatu eta likidazioa gertatuz gero, «likidazio saria» gizarte eta elkartasunezko ekonomiako enpresa bati ematen zaio.
- Garapen funtsa osatzea
.
Gizarte eta elkartasunezko ekonomiara lotzea: zein abantail eta zein diruztapen?
Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomiara lotuz, zure enpresa herritar urraspide batean duzu sartzen, eta izaera hori zure bezeroekiko komunikazioan eman dezakezu balioan, hala eragile pribatu nola publikoak izanik ere. Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomiara lotze hori kontratatzerakoan ere erabil dezakezu, beren jarduerak gizartean duen eraginaz arduratzen diren profesionalak erakartzeko.
Horrez gain, Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomian izateak diruztapen berezietarako aukera ematen du, hala eskualde mailan nola nazio mailan ere. hemen dituzu horiek guztiak zerrendaturik BPI France delakoaren webgunean.
Azkenik, zure engaiamendua areagotu dezakezu «Gizarte onurako elkartasun enpresa» (ESUS) onespena eskuratuz: horrek ematen die zure inbestitzaileei zerga beherapena izateko aukera zure egituraren diruztatzearen harira Madelin edo IR-PME ere deituriko baliabidearen bidez. ESUS onespenak diruztapenak eskuratzeko bidea irekitzen die ere gizarte eta elkartasunezko ekonomiako enpresei elkartasunezko aurrezki baliabideen bitartez. Izan ere, lansari aurrezki planak plantan ematen dituzten enpresek elkartasunezko lansari aurrezki funtsa har dezaten proposatu behar baidiete beren langileei. Funts horien gutxienik % 5 eta % 10 arte ESUS labeldun enpresetan inbestitzen dira.
Informazio gehiagorako → Akitania Berriko Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomiaren Eskualde Ganbara https://www.cress-na.org/
Zein urrats egin behar?
Zure enpresaren estatutuak alda edo nola bihurtu Gizarte eta Elkartasun Ekonomiaren merkataritza sozietate
Zure enpresa gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren printzipioetara lotzeak enpresaren funtzionatze moldean eragiten du. Halatan, bada, lotze hori enpresaren funtzionamendua zehazten parte hartzen duten estatutuetan ageri da.
Zure kidetze horrek zure sozietatearen estatutuen honako hiru osagarri hauetan eragiten du:
- Sozietate helburuan: enpresaren jardueraren xedeak beharko du izan egoera ahulean diren pertsonei sostengua ekartzea edota gizarte lotura garatzen laguntzea edota herritartasunerako heziketan laguntzea edota garapen iraunkorraren alde, energia trantsizioaren alde, kultura sustapenaren alde edota nazioarteko elkartasunaren alde aritzea;
- Gobernantza moldean: gobernantza demokratikoa behar du izan eta kideen eta langileen informazioari eta parte hartzeari leku egin;
- Finantza kudeaketan: irabaziak enpresaren atxiki edota garatzerako behar dira eman eta baitezpadako erreserbak ezin ditu banatu.
Informazio gehiagorako →Charte Société commerciale de l’ESS de la CRESS NA deiturikoa: https://www.cress-na.org/la-charte-des-societes-commerciales-de-less/
Jakiteko:
Gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren enpresa bihurtzeko, zure sozietatearen molde juridikoa ez da kontuan hartzen. Halatan, erantzukizun mugatuko sozietate (SARL) bat edo sozietate anonimo (SA) bat bihur litezke gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren enpresa.
2020an, gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren enpresak lanaldi osoaren heineko soldatapeko lanpostu guztien ia % 10 betetzen zuten. Elkarteek lan kopuruaren % 72 enplegatzen dute, Insee erakundeak dioenez.
Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomiara lotzen zarela adieraztea
Merkataritza sozietate batek sortze beretik edo beste noiznahi lot liteke gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren printzipioetara. Adierazpenaren betebeharra enpresen betebeharretarako leihatil bakarraren webgunean bete dezakezu.
Leihatil horrek dagozkien erakundeei igorriko die zure adierazpena: INPI Enpresen Nazio Erregistroan (RNE) sar dezan, eta grefiertegian, Merkataritzaren eta Sozietateen Erregistroan (RCS) sar dezan.
Zerbait ments zaizu?